B2.1

Senda, senda miriku; oilo-kaka xiriku (B2. 1, 10. eginkizuna)

2018an gutxi gorabehera gai hori proposatu zuten azterketa idatzirako. Ondoko gutuna eredutxoa baino ez da. Ikastunitate honetarako aproposa, ezta? Asko ikasi!

Galdakao, 2018/II/19

Jaun-andre hori, agur:

Atsegin handiz jaso dut zure mezua, geure esperientzia azaltzeko aukera eman baitiguzu. Horregatik, ezer baino lehen, nire esker ona helarazi nahi dizut horren ekimen paregabea izateagatik.

Zoritxarrez, maiz baliatzen dut zuen ospitalea gaixotasun kroniko batek jota ibiltzen bainaiz, eta, tarteka, zuenera joateko premia izaten dut. Esan gabe doa, profesionaltasuna eta tratu bikaina direla zuen ospitalearen ezaugarri nabarmenenak. Arestian aipatu dizudan bezala, sarri bertaratu ohi naiz pairatzen dudan gaitza arintzeko. Ez dut sekula kexatzeko inolako arrazoirik izan egondako garaietan; aitzitik, zenbaitetan zoriontzekotan ibili naiz, ikaragarri ederki artatu nauzuelako.

Mezuan adierazi didazun bezala, pasa den urtarrilean hainbat kexa jaso duzu zenbait gaixorengandik, eta horixe omen da galdeketa honen xedea zerbitzua hobetze aldera. Nik, egia esan, ez nuen bestelakorik kexa zuzentzeko, baina egia da garai hartan gorabehera batzuk izan zirela. Gogoan dut astebetez greba deia zabaldu zutela erizain-laguntzaile zeudenek, eta, agian, gutxieneko zerbitzuak ez ziren behar bezala errespetatu. Zenbait gaixoren iritzia baino ez dizut adierazi. Ni neu ere haserre samar ibili nintzen hainbat langileren jokabide desegokia ikusirik. Zorionez, konpondu omen duzue arazoa, eta, benetan izugarri pozten nau horrek.

Bestetik, eta abagunea baliatuz, zerbitzua hobetzeko bestelakorik egingo genukeen galdetzen diguzu. Beti dago zer hobeturik, zalantza izpirik gabe. Zuenean maiz egon behar dudanez, eta atrebentzia ez bada, gaixoentzako ekitaldi kulturalak eskainiko nituzke; Europako ospitale askotan gero eta ohikoagoak ei dira, eta, gainera, jasotako emaitzak oso onak. Halakorik antolatuz gero, Ni esker onekoa nauzu.

Ez dut besterik esateko. Eskerrik asko benetan zuengandik jasotzen dudan tratu bikainarengatik. Espero dut egindako galdeketa honetatik iradokizun interesgarriak jasotzea, eta hainbatekin aurrera jotzea.

Adeitasunez, Eufrasio Gurrutxaga

ospitaleko_egonaldian_gustura_ez

Utzi erantzuna