C1.2

ABC Araban, bai (C1.2, 7. eginkizuna, idatzia)

ABC ARABAN, BAI

Txikitatik izan naiz neska altua. Lehen Hezkuntzako bigarren mailan, ia 1,60 m neurtzen nuen. Imajina ezazue zer nolako hitzak jasotzen nituen nire klasekideengandikā€¦ Eta ni, hain altua izanda ere, txikia sentitzen nintzen, arraroa. Baina egun batetik bestera hori aldatzea erabaki nuen. Besteen hitz maltzurrei ez nien jaramonik egingo, altua izateaz harro nengoelako. Nire jarrera ikusita, nire klasekideen jarrera ere aldatuz joan zen, eta lehen nitaz barre egiten zutenek gero ni bezain altuak izan nahi zuten. Beraz, jarrera on batetik eta harrotasunarekin nire bizitza aldatzea lortu nuen.

Eta hori da Gasteizek behar duena: jarrera ona eta harrotasuna. Gasteizek lorpen garrantzitsuak eskuratu ditu, haien artean, Green Capital titulua. Baina kanpotarrentzat titulu hori ez da gutaz barre egiteko arrazoia baino. Gasteiztarrok askotan jasan behar izan ditugu Green Capital tituluari buruzko txisteak. Eta gu isildu eta lotsatu baino ez gara egiten. Baina orain da, ordea, egoera hau aldatzeko momentua. Gure lorpenez harro sentitzeko garaia da. Gure lorpenak ez dira txisteak egiteko aitzakia, baizik eta miresmena lortzeko aukera. Beraz, hiri berdea tituluan oinarritutako parke tematikoa harrotasunez aurkeztea lortzen badugu, arrakasta handia lortuko du honek.

Gure parkeak eta gune berdeak dira ezberdin egiten gaituena. Gainera, hiria zuhaitz eta landarez beteta dago, eta kaleak beti bizikletaz beteak ikus ditzakegu. Horrek guztiak moderno egiten gaitu. Izan ere, ekologia, berdetasuna, energia berriztagarriak, etab. pil-pilean daude gaur egun. Ondorioz, Gasteizko parke tematiko ekologiko eta berriztagarria ezin modernoagoa izango litzateke. Parkean, atrakzio izugarri eta emozionanteak gozatzeaz gain, bizitza berdea ezagutzeko eta bizitzeko aukera izango lukete bisitariek. Europako errusiar mendi handienetik umeek maite dituzten zaldiko-maldikoetarako bidean, bisitariek energia berriztagarriez baliatzen diren patineteak gidatu ahalko dituzte. Eta jateko ordua ailegatzen denean, jatetxe jendetsuak eta janari ultraprozesatuak alde batera utzi, eta parke berdeetan gozatu ahalko dituzte janari osasuntsu eta ekologikoak. Hori da, bai, bizitzaz gozatzea.

Jakintsuek diotenez, natura bizitza da. Baina nola ote Gasteiz hain natural eta berde eta, aldi berean, hain hilik egotea? Honelako parke tematikoa izan daiteke Gasteizentzat bizitzara bueltatzeko baliabide bikaina. Aitortzekoa da Gasteiz ez dela gai egun bat baino gehiagoz turistak mantentzeko, eta, ondorioz, ez dauka Madrilek edo Bartzelonak daukan bizitza ugari eta etengabea. Beraz, parke tematiko ukaezin honek behartuko lituzke turistak gutxienez bi egun hirian pasatzera. Horri esker, hotelen edo jatetxeen eskaintza asko igoko litzateke eta hiriari mesede paregabea egin.

Iritziak iritzi, argi dago parkeak behar duen bultzakada emango liokeela Gasteizi, Espainiako hiri garrantzitsuenetariko bat bihur dadin. Orain goi karguen esku dago proiektu hau aurrera eramateko baimenei argi gorria edo berdea ematea. Baina, gogoratu: berdea izan da hainbeste lorpen eman diguna.

GarbiƱe Martin

Utzi erantzuna