Atzoko edo gaurko elikadura, zein hobea?

Aurreko egunean, Abastos plazan nengoen, eta harategian ama-alaben elkarrizketa bat entzun nuen. Amak alabari gomendatzen zion zer haragi-mota erosi eta nola kozinatu. Neska ez zegoen batere ados, eta amari esan zion ez zuela horrela prestatzen, bere ustez ez zelako batere osasungarria. Amak oso  haserre erantzun zion, ideiarik ere ez zuela esanez. Hizketa hori entzun ondoren, etxera itzultzen nintzenean, neure buruari galdetu nion zein den hobea, atzoko edo gaurko elikadura. Oso gai interesgarria iruditzen zaidanez, euskaltegiko aldizkarian nire iritzia eman nahi dut.

Lehen eta behin, esan behar dut gure elikadura-ohiturak aldatu direla, hau da, gaur egun ez dugu jaten gure aitona-amonek jaten zuten bezala. Are gehiago, nik esango nuke, zalantzarik gabe, gaurko elikadura gure aitona-amonena baino hobea eta anitzagoa dela.

Lehen, ezin da ukatu gure amonek egunero prestatzen zutela janaria ez zutelako etxetik kanpo lan egiten. Ordu asko ematen zituzten sukaldean, eta egunean bertan kozinatzen zuten janaria. Amonek otorduak beste era batera prestatzen zituzten. Honekin esan nahi dut janariak koipe eta gatz ugarikoak zirela.  Elikadurari dagokionez, garai hartan onartu behar da ez zela oso askotarikoa, eta elikagai ugari ez zirela gaur bezain eskuragarriak. Adibidez, nire aitona-amonen herrian, haragiaren aldean, arrain gutxi jan ohi zen. Sasoiko produktuak kontsumitu arren, ia-ia beti berdinak ziren, eta biziki errepikakorra zen haien elikadura. Gainera, lehen kantitate asko jaten zuten, eta, gehienez ere, hiru otordu egunean.

Orain, berriz,  gehienok etxetik kanpo lan egiten dugunez, ezin dugu egunero janaria prestatu. Horregatik, aste osorako otordua prestatu behar dugu. Horretarako, sukaldeko hainbat tresna ditugu, janaria ahalik eta lasterren prestatzeko. Gaur egun, gure elikadura askotarikoa da oso, eta garrantzi handia ematen diogu zaintzeari. Toki-tokiko produktuez gain, beste produktu mota batzuk ere gehitu ditugu, besteak beste, osokoak. Bestalde, azpimarratzekoa da elikagai fresko eta osasungarrien eskaintza gero eta zabalagoa dela. Horretaz gain, guk osasuntsuago prestatzen dugu janaria, hots, saltsak saihesten ditugu, eta gatz gutxirekin. Kantitate gutxiago janda ere, egunean otordu gehiago egiten dugu.

Hitz gutxitan, esan genezake ezbairik gabe guk gure aitona-amonek baino hobeto eta anitzago jan ohi dugula, batez ere, elikadura askoz gehiago zaintzen dugulako. Nik argi daukat atzoko elikadura-ohituren aldean gaurkoak hobeak direla.

Espero dut datorren astean plazara joaten naizenean, ama eta alaba horiekin topo egitea, elkarrekin erosten eta eztabaidatu gabe.

                                                                                                                                                                                                                                              Elena

Erlazionatutako argitalpenak

Utzi erantzuna