C1.1

Eraso sexistarik gabeko jaien alde

Gasteiz, 2019ko urriaren 4a

Herritar hori:

“Jaiak berdintasunez” elkartearen izenean idazten dizut, ezer baino lehen, emakumeok hainbat herritako jaietan jasaten ditugun eraso sexistak salatzeko, eta, bigarrenik, gure elkarteak herriko jaietan egoera horiek saihesteko prestatu dituen hainbat proposamen aurkezteko.

Datuek diotenez, Euskal Herrian 15-29 urte bitarteko emakumeen % 32 kalean ibiltzearen beldur dira. Harrigarria da, baina zifra horiek areagotu egin dira azken urte hauetan Estatu osoan gertatu diren sexu-erasoen ondorioz. Hori dela eta, kanpaina bat abian jarriko dugu gure elkartetik, zifra horiek ahal dugun heinean gutxitzeko.

Jakina da jaiek horrelako arazoak sortzen dituztela, eta, askotan, herrian bizi garen emakumeok beldur gara etxera bueltatzean. Horrexegatik, eta udalaren laguntzari esker, hamabi begirale-brigada sortuko ditugu etxera bueltatzeko laguntza behar izango duten emakumeen zerbitzura.

Horrez gain, edalontzi berrerabilgarriak banatuko ditugu jaiak ospatuko diren leku garrantzitsuetan, gure mezua zabaltzeko asmoarekin; izan ere, guztion esku dago ikusten ditugun jokabide matxista guztiak salatzea, hau da, begirune faltak, irainak eta, batez ere, indarkeria-kasuak.

Hori guztia kontuan hartuta, zer esanik ez denon artean egin dezakegun ekimen zoragarria dela eta horretarako laguntza beharko dugula brigada-taldeak osatzeko. Beraz, anima zaitez gure elkarteko web-orrian kanpaina honen informazio gehiago eskuratzera.

Bukatzeko, gure kanpainaren leloa aldarrika dezagun gogoz:

EZ EZETZ DA!!!

Gure ekimenei baietza emango diezulakoan, agurtzen zaitut.

 

Miriam E.

“Jaiak berdintasunez” elkarteko ordezkaria

Utzi erantzuna