Inkestak irakatsi zidana

Elikadura txarra dut. Ondorio honek zapaldu egin ninduen inkesta hura bete nuen bezain laster. Euskaltegian egin genuen gure elikadura ohiturak aztertzeko asmoz, aste honetako gaiaz baliatuz (gaurko elikadura, alegia). Bada, agerian geratu zen barazkirik apenas ez dudala jaten, “karbohidrato konplexuak” zer diren ez dakidala eta arraina nire dietatik kanpo dagoela, besteak beste. Hortik emaitza lazgarria.

Aitortuko dizuet, irakurleok, banekiela nire elikadura hobea izan zitekeela, eta, horregatik, diagnosiak ez ninduen zeharo ustekabean harrapatu. Deigarria iruditu zitzaidana, hala ere, honako hau izan zen: ondo elikatzeko bide anitz daudela, eta horiek guztiak inoiz baino eskuragarriagoak direla egun. Ez hori bakarrik, elikagaien kalitatea eta ugaritasuna ere nabarmenagoak dira sekula baino.

Pentsa dezagun, kasurako, jakien freskotasunaren gainean. Pasa den mendean, horniketa zailtasunak behartzen zituen aitona-amonak arraina eta haragia gatzetan jartzera, hozkailurik ez zegoelako eta produktuak erraz usteltzen zirelako denbora laburrean. Horretaz gain, arrain eta haragi freskoa lortzea kasik ezinezkoa zen, batez ere kostaldean bizitzeko zortea izan ezean. Egun, ordea, edonoren esku dago arrain edota haragi fresko-freskoa erostea. Edozein egunetan eta edozein komertziotan aurki daitezke, eta, salbuespenak salbuespen, ez dira garestiegiak.

Egungo janariaren aniztasuna ere azpimarra genezake. Berotegiei esker eskura dauzkagu sasoikoak ez diren elikagai asko. Eta, merkataritza globalaren bitartez, existitzen zirela ez genekizkien fruta, barazki nahiz espezia asko txertatu dira gure etxeetan eta gure egunerokotasunean. Lehen, berriz, elikaduraren oinarria (baita mugak ere) tokian tokiko eta sasoiko produktuak izaten ziren, eta, horregatik, aspertu arte jaten ziren.

Elikagaien kopurua bera aintzat hartuz gero, eszenatoki bertsua aurkituko dugu. Lagun ugarik ez zeukaten asko ahora eramateko, batez ere gerraren ostean. Baina, oparoaldietan ere, jendeak zuen elikadurak gabezia kontaezinak zituen, eta horrek eragin handia zuen haien osasunaren kalitatean, baita haien bizi itxaropenean ere. Egungo merkatuak, aldiz kontsumitu ahal ditugun baino jaki gehiago ekoizten ditu. Alde ederra dago, beraz, esparru horretatik ere.

Arrazoi horiek ikusita, elikadurak hoberantz jo duela pentsatu beharko genuke. Kontua da, inoiz baino errazagoa izanda ere, askok ez ditugula ohitura osasungarriak elikaduraren ikuspuntutik. Horren zergatia ulertzeko hobe genuke, antzinako egoera goretsi beharrean, geure burua aztertzea. Horrela, agian, inkesta hobeto egingo dugu hurrengoan.

Héctor Caballero

2022ko otsailaren 13a

Erlazionatutako argitalpenak

Utzi erantzuna