Teknologia berriekiko mendekotasunaz ohartzen

Begi-bistan dago garaiak aldatu egin direla, batez ere azken mende erdian, eta, hain zuzen, teknologia berrien arloan. Esate baterako, gaur egun, sakelako telefono batekin denetarik egiten dugu: argazkiak atera, dendetan ordaindu, jendearekin hitz egin… besteak beste. Nik beti pentsatu izan dut teknologia berriek oso gauza onak ekarri dizkigutela, baina pasa den astean, zerbait gertatu zitzaidan pentsarazi zidana oker nengoela.

Larunbatean, nire eskuko telefonoa galdu nuen, eta, horren ondorioz, gau osoa haren bila egon nintzen. Egoera horrek zer pentsatua eman zidan, eta, hori dela medio, artikulu hau idaztera animatu naiz, nire egoera azaltzeko eta jendeari tramankulu horiekiko dugun mendekotasuna ikusarazteko.

Dena hasi zen etxetik ateratzean. Egun hartan, lagun baten urtebetetzea zen, eta Gasteizko erdiguneko taberna batean geratu ginen. Hara joateko autobusera igo nintzen, 6. lineara hain zuzen, ni Salburuan bizi bainaiz. Gero, autobusetik jaitsi ondoren, tabernara joan nintzen. Iritsi nintzenean konturatu nintzen ez nuela mugikorrik, galdua nuen! Hori dela eta, erabaki nuen haren bila joatea.

Gau osoa eman nuen haren bila: autobus-konpainiari deitu nion, kalean zehar bilatu nuen, eta etxera itzuli nintzen, han utzi ote nuen. Hala ere, dena alferrik izan zen, mugikorra ez baitzen agertu. Une hartan, mugikorra besterik ez nuen buruan, barruan neukan informazio guztia, eta, horregatik, lagunaren urtebetetzea galdu nuen. Halere, ez zitzaidan axola, nire lehentasuna aparatu hura aurkitzea baitzen.

Biharamunean, lagunek kontatu zidaten zein ondo pasatu zuten, eta oso gaizki sentitu nintzen. Orduantxe konturatu nintzen ez nuela lagunekin gau zoragarri bat igaro, gau osoa telefonoaren bila ibiltzeagatik. Orduan konturatu nintzen mugikorrarekiko mendekotasuna nuela, eta ziur nago hori gertatu izan ez balitzait, ez nintzatekeela sekula konturatuko zein lotuta nagoen aparatu txiki horrekin.

Jende askok dauka arazo hori, baina oraindik ez dakite. Horregatik, esperimentu bat proposatu nahi dizuet, zeuen buruaz gauza asko ohartzeko. Mugikorra tiradera batean gordeta utzi behar duzue egun oso batean. Horrela, jakingo duzue lotuta zaudeten ala ez. Gainera, nolako sentimenduak sortzen zaizkizuen eta nola erreakzionatzen duzuen ikusi ahal izango duzue.  Hortik aurrera, zuen erabakia izango da teknologia berriekin duzuen harremana aldatzea edo ez.

Z. C. (Aratz euskaltegiko ikaslea)

Erlazionatutako argitalpenak

One thought on “Teknologia berriekiko mendekotasunaz ohartzen

Utzi erantzuna