Askatasunean lagun

Udaberria iritsi zaigu azkenik, negu gogorraren ondorenean. Gogorra, alajaina, baina eskertzekoa iazko lehorte latza igaro eta gero. Polit daude zelaiak eta mahastiak. Lasai dirudite nekazariek San Markos eguna urruti samar geratzen baita. Izotzaren beldurra uxaturik edo, prakak bete lan dabiltza mahatsondoen kimuak kentzen uzta oparoa izango delakoan.

Naturarentzat ez bezala, gizakiarentzat garai gogorra izaten da negua. Batzuek heriotzarekin lotzen dute, eta ez zaie arrazoirik falta; izan ere, lagun askok uzten gaituzte betirako loak abaildurik urtaro horretan. Bertakoek dioten bezala, neguak ez du esku hutsik alde egiten, eta, tarteka, gizakia bera eramaten du bizitzaren zikloa osatuz.

Aurtengo neguak lagun dezente eraman du, bata bestearen segidan, esan badaiteke. Azken negua izan da Concha eta Felixarentzat ere, bizitza oparo eta luzeari betirako amaiera emanda. Laurogeitaka urteko bi amona hauek otsailean agur egin ziguten, neguminean, negugorrian. Lagun minak eta errepublikanoak. Aurten ez dute bandera errepublikanoa ateratzeko betarik izan, apirila gertu-gertu bazegoen ere. Concha eta Felixa ez dira euren balkoietan izan; bai, ordea, euren banderak. Biak Conchak artilez egindakoak. Lagun biak, bata bestearen segidan, astebete eskasa pasata joanak. Lagun handien antzera elkarrekin egin nahi izan dute azken bidaia.

Conchak aspaldi galdua zuen ikusmena, baina ez zion sekula bere zaletasun handiari utzi, puntua egiteari, alegia. Lepo-berogarri andana egin zituen, kolore askotakoak. Lana amaituta, zera esaten omen zuen: “Errefuxiatuei bidali”. Senideei halakoxeak egingo zizkien seguruena, baina errefuxiatuentzako bufandak, batez ere, ehuntzen zituen maitekiro. “Hotzak gaixo ez ditzan” gaineratzen omen zuen.

Felixak eta Conchak ondo ezagutzen zuten hotza zer den; askatasunik gabe bizitzea zer den; jaioterria atzean utzitako lagunen begiradaren tristura nolakoa den; errefuxiatua izatea zer den… Eta, seguruenik, Concha bere zaletasun kuttunenari noiz utziko zain zebilen, ehunduko zuen azken lepokoa noiz izango, alegia, gizarte zintzoago baten bidean geundekeelakoan; itxaropena, finean.

Biasteriko bi emakume errepublikanoren omenez. Ttiki-ttaka aldizkaria 28. alea.

Erlazionatutako argitalpenak

Utzi erantzuna