C1.1, C1.2

Erriberri, hilerri? (Turismo-tasei ateak zabaltzen) (C1.2, 2. eginkizuna, idatzia)

turismo_tasak_idazproposamena

Segurutik harrituko zaitu, irakurle, nire artikulutxo xume honi jarri diodan izenburuak. Baina halako zerbait etorri zait gogora geure herri txipi bezain ederrak urterik urtera izaten duen bilakaera ikusita; bilakaera tristea, alajaina, nire aburuz.

Zein gairen gainean ari naizen, agian, ez duzu oraindik antzeman, baina hemengoa bertakoa bazara, dagoeneko zertaz jardun nahi dudan asmatu duzulakoan nago. Turismoaz ari naiz, jakina; gehiegizko turismoaren gehiegikeriaz, hain zuzen. Horretarako, gure alkatearen azken adierazpen edo proposamena izan nahi dut abiapuntu nire iritzia zabaltzeko.

Saturnino Arretxe nauzu, “Xatur” herritar askorentzat. Dakizunez, urte andana eman ditut gure bazterrak txukuntzen, eta berehalako batean jubilatzekotan izango naiz. Ez dut ikasketarik oso gazte hasi bainitzen behargin bertako enpresa batean. Handik gutxira kale-garbitzaile hartu ninduen Udalak, eta horretan jardun dut oraintsu arte.

Esan bezala, ikasketarik ez dut, baina aditua izan gabe pairatzen ari garen turismo mota horretaz zeresanik badudala pentsatzen dut, eta hori helarazi nahi dizut lerro hauen bidez.

Ezagun da herri paregabea duguna, gure arbasoen herri bitxi, eder eta laboraria. Baina ez dakit oso ondo zein izendapen eman ondoren, kontuak zeharo eraldatu dira. Euskal Herriko bazter lasaia zena eromen eta zarataren habia bihurtu zaigu oso urte gutxitan. Garai batean turista saldoak etortzen ziren, bai, baina oso bestelakoa zen haien jokabidea. Begirune handiz ikusten nituen gure kaleetan barna paseo isilean eta lasaian gure bazterren edertasunak liluraturik.

Egun, aldiz, bestelakoak dira kontuak, arestian aipatu dudan ditxozozko izendapena eman zigutenetik. “Espainiako txoko ederrenetako bat” izendapenaz ari naiz ohartuko zinenez. Garai batean hiru bat ordu egiten nituen kalean bazterrak garbitzen; orain, aldiz, txandaka ibili behar izaten dugu sarri sortutako zaborra jasotzeko. Astelehenak gogorrak izaten dira, benetan, asteburuaren ondorengo gehiegikerien ondorioz. Zabortegia ematen du herriak. Tamalgarria.

Arazoari eta bestelakoei aurre egiteko Udalak diru dezente inbertitu behar duela irakurri nuen aurreko bando batean. Horretarako alkatearen proposamenari izugarri interesgarria irizten diot, turistei tasa kobratzeari, alegia. Eurei ez lieke gastu handirik suposatuko, eta jasotzen denaren bidez herriak jasan behar izaten dituen hainbat gastu ordaintzeko sekulako laguntza litzateke. Nolanahi ere, ostalaritzan dihardutenei bestelako tasa ezarriko nieke. Barka beza sektoreak, baina dezenteko diru-sarrerak edukitzen dituzue turistak gurera datozenean. Gorago esan dudan bezala, ikasketarik gabeko zabor-biltzaile ibili naiz azken urte hauetan, eta egun sortzen den zabor ikaragarria ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Bestetik, hainbat bidaiariren jokabide maltzurrak salatu nahi nituzke. Hainbat eta hainbat mozkorturik, garrasika, biraoka eta abarka ibiltzen dira, eta hori ez da onargarria. Behar izanez gero, isun gogorrak jartzearen aldekoa naiz guztiz, onartezinak baitira halako portaerak.

Ez nuke bukatu nahi gure herritarron eskubideak aldarrikatu gabe, batez ere, lagun helduena; izan ere, gure zaharrak ez dira herrian zehar ibiltzen giro itolarriaren ondorioz. Ematen du turisten alde baino ez dugula egiten, eta hori ez da bidezkoa. Kanpotarrak ederki egon daitezen ahalegina egin behar dugu, baina gure jendearen eskubideak aintzat harturik eta horiek ahantzi gabe.

Espero dut, irakurle, herritar eta turista hori, idatzitakoak ez mintzea, baina bertako biztanle askoren iritzia delakoan nago.

 

Adeitasunez, Saturnino Arretxe.

Arabako Errioxako IKA euskaltegia

2 Comments on “Erriberri, hilerri? (Turismo-tasei ateak zabaltzen) (C1.2, 2. eginkizuna, idatzia)

    1. Tira, fikziozko egoerarari erantzuteko eredutxoa baino ez da; gainera, “Erriberri”-k halako errimatxoa ahalbideratzen zuen izenburu deigarria jartzeko. Nola nahi ere, bertan ere halako ezinegona dagoela sumatu nuen iaz egindako txangoan. Gurera etorrita, Arabako Errioxara, alegia, arazoa gero eta larriagoa da. Biasteri-Laguardia adibiderik argiena dugu, eta egoera erreal batera ekarrita turismo-tasen kontua ez da txantxetako gauza. Jakina, bestelako irtenbideak ere beharko lirateke. Benetan diotsuet Biasteriko jende askoren kezka dela.

Utzi erantzuna