Gorbeia Bodegoia, “Bode”

B2 mailako Kikek bere kezka agertu digu ondoko idazlanean. Gorbeia Bodegoia Gasteizko taberna famatuak Michelin izarrik ez edukitzea bidegabea iruditzen zaio, eta, hori dela eta, gidaliburuko zuzendaritza taldeari idatzi dio, hurrengo argitalpen batean Alde Zaharreko ostatu entsutetsu hori kontuan har dezaten. Halaber, bihotz-bihotzetik idatzitako idazlanak desagertutako bodegoi mitiko horrentzako omenaldia izateko asmoa du.

 

Michelin gidako zuzendaritza taldeari,

Egun on, lerro hauek idazten dizkizuet Gasteizko taberna kuttun bat gomendatzeko. Bilatu dut zuen gidaliburuan eta harriduraz konturatu naiz “Bode” taberna ez duzuela jaso; eta uste dut taberna honek, arrazoi askorengatik, Michelin izar bat merezi duela.

Bodegoi pila bat daude hiri honetan, baina edonori “Bode” esango bagenio, berehala jakingo luke Gorbeia Bodegoiaz ari garela, oso ospetsua delako eta, gasteiztarrentzat ez ezik, kanpotarrentzat ere bilgune berezia delako.

Topagune esanguratsu hau erdigunean dago, Alde Zaharrean, Errementari kalean, hain zuzen. Hara iristeko lau aukera daude: Probintzia plazatik kale estu baino estuago batean gora igota; Zapatari kaletik karrika estu beretik behera jaitsita; Andre Maria Zuriaren plazatik Errementari kalean iparralderantz jota, eskuinean; edo Errementari kale beretik Andre Maria Zuriaren plazarako bidean, ezkerrean.

Hango dekorazioa klasiko eta tradizionala da, egur eta harrizkoa, batez ere. 120 metro kuadro ditu, gutxi gora behera, bezeroen gozamenerako. Barra eskuinean dago, egurrezkoa. Ezkerrean banku bat dago alde batetik bestera, eta hamar mahai inguru. Sartzeko beharrezkoa da eskaileraren hiruzpalau maila jaistea. Sartutakoan, ezkerrean bainugelak daude, eta eskuinean mahai karratu bat. Ez dakit zenbat festa egin dugun eta zenbat egun bukatu dugun txoko berezi horretan! Gainera, Bodegoia plaza txiki batean kokatuta dagoenez, terraza handi bat dauka, kalean jarritako mahi batzuez osatuta. 

Gazte ginenean beste tabernak baino beranduago ixten zuten, horregatik, gure Alde Zaharreko erronda hantxe bukatzen genuen, diskoteka batera edo bestera joan aurretik.

Egunez pintxo goxoak jartzen dituzte barran, eta bokatak eskatzea ere posible da. Kafe makina dagoenez, kafe eta infusioak ere eskaintzen dituzte, baita beste edari batzuk ere.

Rock and Roll musika jarri ohi dute, baita euskarazkoa ere. Jabeak eta zerbitzariek ere euskaraz hitz egiten dute; eta bezeroak ere, oro har, euskaldunak direla esango nuke.

Baina guza denetarik garrantzitsuena giroa da, nire ustez behintzat. Ez dakit nola deskribatu. Ez dakit zergatik baina zerbait dago airean leku hau berezi eta benetakoa egiten duena. Magia hutsa.

Aipatu ditudan arrazoi guztiengatik, taberna honek Michelin izar bat merezi duela uste dut, eta halaxe eskatzen dizuet.

Nire eskaria kontuan hartuko duzuelakoan.

 

Kike. Bodeko nostalgikoa.

 

 

Erlazionatutako argitalpenak

Utzi erantzuna