Non bizi hobekien?

Non bizi hobekien? IKA euskaltegiaren blogean galdera ikusi dut, eta horri buruz bizipen anitz eta eskarmentu handia daukadanez hausnarketa egitea eta partekatzea erabaki dut.

1993an, aurreko mendean, behin unibertsitatea amaituta, Madrilera joan nintzen master bat ikastera. Lanaren aldetik, Gasteizekin alderatuz eskaintza hobea zen; bizitza kulturala ere askoz aberatsagoa zen… Han 4 urte eman nituen. Nahikoa jabetzeko ez zela bizi nahi nuen lekua, eragozpen ugari ikusi bainuen: handiegia zen; oso kutsatuta eta zikina; garraio publiko eskasa; anonimotasun itzela sentitu nuen; jendearen arteko alde ekonomikoak oso nabarmenak ziren; eta, aldi berean, gizarteratzeko ekintzak eta politikak ez zeuden batere garatuta.

1997an, oraindik XX. mendean, Gasteizen lana aurkitu nuen eta bikotekidearekin lehen aldian bizitzeko parada zen. Bera Trespuentes-en bizi zen.  Trespuentesek 468 biztanle dauzka. Hara bizitzera joan nintzen… ezer pentsatu gabe. Arrazoi askorengatik han oso pozik bizi ginen. Haien artean aipa ditzaket: naturarekiko gertutasuna, herriko jendearekiko harreman estua, herriko kontuak denon artean asanbleetan erabakitzen genituen, osasungarria… 8 urte pasa eta gero bikiak jaio ziren; orduan lana eta familia uztartzeko arazoak sortzen hasi ziren, eskolaz kanpoko ekintzak… Dena kudeatzeko oso zaila zen, eta Gasteizera joatea  erabaki genuen.

2010etik hona, dagoeneko mende honetan, Gasteizko hiri erdian bizi gara. Atsegin dut, alde on dezente ikusten baitut: leku guztietara oinez joan gaitezke, bidegorriak oso zabalduta daude,  garraio publikoko sare ona dauka, kulturaren aldetik eskaintza polita du, auzo bakoitzak gizarte etxea du, auzoan elkar ezagutzen dugu (alabaina kontrol sozialik gabe), hiria bai umeentzat bai nerabeentzat segurua da, kirola egiteko aukera  ezin hobea da, kutsadura kontrolpean dago, garbitasuna….

2020ko martxoan COVID-19aren izurriteak gogor astindu gintuen. 3 hilatebeko itxialdia ezarri ziguten. Gure etxebizitza handia eta eguzkitsua da; hala eta guztiz ere, ez dauka balkoirik edo terrazarik, eta nik airea eta eguzkia hartzeko aukera biziki faltan sumatu nuen. Beraz, azken hilabeteotan beste etxebizitza bat bilatzen hasi naiz, auzo berean.

Emandako azalpenagatik, argi ikusten da proposatutako galderari erantzuna ez dela bakarra ezta erraza ere. Bizitzan zehar oso aldakorra izan daiteke; izan ere, adinak, nortasunak, familiak, pandemiak,  … erantzunean eragin dezake.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko azaroaren 1ean.

Elena Echeberria (C1eko ikaslea)

Erlazionatutako argitalpenak

Utzi erantzuna