Reality show-ak: bizitza salgai (C1.2, 3. eginkizuna)

Reality showak

Hunkituta. Halaxe sentitu nintzen Frantziako reality show ospetsu batean gertatutako tragediaren berri izaterakoan. Harrezkero, ehunka galdera egin dizkiot neure buruari. Ez bakarrik horrelako telebista-saioetan parte-hartzaileek jasaten dituzten baldintza txarrei buruz; saiatu naiz, era berean, reality showen arrakastaz hausnartzen eta zergatia bilatzen.

Umetxo bat nintzen lehen aldiz honelako saioak telebistara heldu zirenean. Ez naiz oroitzen zein izan zen realityak ematen ausartu zen lehenengo katea, baina argi daukat erabakia ezin hobea izan zela; izan ere, orduz geroztik ia kate guztietan antzeko showak ikusteko aukera eduki dugu.

Ukaezina da programa hauek ikusleen artean lortu duten arrakasta. Eta arrakasta hori da, hain zuzen ere, ekoiztetxeen sormena sustatzen duena, zeren eta hainbeste reality egonda eta telebista kateen arteko lehia hain handia izanda ikusleak erakartzeko, gero eta saio arriskutsuagoak egitera “behartuta” daude. Eta, nire ustez, hor dago arazoa. Realityetako lehiakideek gero eta baldintza latzagoak jasan behar dituzte, eta gerta daiteke baldintza txar horiek benetako arriskuak bilakatzea eta, Frantzian gertatu den bezala, istripu larriak egotea.

Ildo horretatik jarraituz, hamaika galdera bururatzen zaizkit. Non dago muga? Nork ezartzen ditu mugak? Nork babesten ditu partaideen eskubideak? Azken finean, realityetako lehiakideak langileak dira eta ekoiztetxeek dirutza irabazten dute haien sufrimendua eta miseriak ustiatuta. Beraz, beharrezkoa iruditzen zait, ahal den moduan, haien lan-baldintzak zehaztea eta mugatzea lan-hitzarmen bat onartuz edo legedia moldatuz.

Baina arriskuak albo batera utzita, ezin dut TB saio horien arrakasta ulertu. Ez dakit zein den itzal handiko programa hauen berezitasuna edo erakargarritasuna. Agidanez, ikusleak ez dira jabetzen realityetako partaideek ez dutela benetako gizartea islatzen eta casting mordoa antolatzen dituztela pertsonaiarik frikienak aurkitzeko. Askotan, beti ez esatearren, partaideak aktoreak dira edo aurretik idatzitako gidoi bat jarraitzen dute.

Laburbilduz, bada garaia begiak irekitzeko. Ekoiztetxeek ulertu behar dute, edo ulertarazi behar zaie, partaideak ez direla produktu gisa tratatu behar, baizik eta pertsonak edo langileak bezala. Denak ez du balio ikusle gehiago lortzeko edo irabaziak handitzeko. Eta testu hau eraginkorra izatea nahi dut, ikusleek ulertu dezaten realityak ez direla bizitzaren isla; edo, agian, ni arraroa edo zorionekoa naiz eta nire inguruko jendea ez da saio horietan agertzen dena bezala.

Mikel Prieto

Erlazionatutako argitalpenak

Utzi erantzuna